Nekar kale planoa (logo)

Irurtzun

Historia

Herriaren kokapen estrategiko bikainaren ondorioz, makina bat gatazka eta borrokaren eszenategia izan da Irurtzun historian.
Erdi Aroan mairu ugari ezarri ziren herrian.

"Irurtzungo Borroka" izenez ezagutzen da 1512. urtean, Nafarroako eta Gaztelako erresumen arteko gerran, erronkariarren (erresuma nafarraren aldekoak) eta gaztelarren (erresuma gaztelarraren defendatzaileak) artean Ozkiako igarobidean izandako borroka. Borroka hartan, tropa gaztelarrak, Albako Dukearen agintaritzapean, Nafarroan sartu ziren eta erronkariarrak garaitu zituzten Irurtzunen.

Frantziaren aurkako Konbentzio Gerran, bestalde, etsaiek Irurtzun herria hartzea lortu zuten, baina egun batez bakarrik izan zen (1794ko azaroaren 26a); hala ere, 1795eko uztailaren 6an herrira itzuli eta erabat menderatu zuten.

Urte hartan zigor gogorrak eta ugariak jasan behar izan zituen Irurtzunek: frantsesek uzta eta abereentzako lastoa kendu zizkieten herritarrei eta herri osoan tifusa zabaldu zuten; ondorioz, Irurtzundar ugari hil ziren.

Erdi Aroan Aizita izeneko gaztelua zegoen Aitxarteko igarobidean.
Baliteke Aizita izena Aitxarteko igarobidearen antzinako izenetik etortzea, hain zuzen "Haitzbitarte".

XVIII. mendean Agitako Haitza izenarekin ezagutzen zen Aitxarteko igarobidea.
Gaur egun, berriz, euskaraz Bihaizpe edo Bihaizpea deitzen zaie bi haitzei.
Aipatutako gaztelua, Agita izenarekin ere ezagutzen zena, 1415ean eraitsi zuten eta 1421. urtearen inguruan hutsik geratu zen.

Nafarroako defentsa-gerrikoaren zati zen Agita gaztelua, eta bizilagun gaztelar, aragoiar eta frantsesengandik defendatzeko funtzioa betetzen zuen aipatutako gerrikoak.

Funtsezkoak izan dira Irurtzunek duen kokapen bikaina eta bertara iristeko erraztasuna herriaren garapena lortzeko orduan.

Esan dugun bezala, komunikazio gune neuralgiko batean dago Irurtzun. Horren ildotik, ezin dugu amaitu "Plazaola" izenez ezagutzen den trenaren aipamenik egin gabe.
1914ko urtarrilaren 1ean inauguratu zen, handitasunez, Iruñea eta Donostia elkartzen zituen Plazaola trenbidea.

1929an aipatutako linea defizita sortzen hasi zen, eta 1953ko uholdeen ondoren, trenbidearen zati bat suntsituta geratu eta gero, bertan behera geratu zen tren-zerbitzua.

Itzuli gora

Kokapen geografikoa

Sakanaren ekialdeko muturrean dago Irurtzun. Bertan daude Erga mendia, Trinitatea izenez ere ezagutzen dena (1088 m.) eta Gaztelu mendia (996 m.), Aralar eta Andiako Mendilerroekin bat eginez, hurrenez hurren.

Kokapen estrategiko bikaina du Irurtzunek. Alde batetik, Iruñako arroaren eta Arakilgo korridorearen arteko artikulazio-puntua da; bestetik, zintzur edo arroila "txikiak" zeharkatuz —Oskia hegoaldean eta Aitxarteko igarobidea iparraldean— Oltzako zendeara eta Imotzeko bailarara iristen da bidea.

Itzuli gora

Klima

Nafarroa Mediterraneoaren eta Atlantikoaren artean dago Irurtzun, eta nabarmenak dira inguru batetik besterako klima-aldaketak.

Aitxarteko igarobidea zeharkatzean, ipar-ekialdeko Nafarroa Atlantikoan sartzen gara; sarriagotan egiten du euria bertan, baina itsasora hurbildu ahala, tenperatura epelduz doa pixkanaka.

Irurtzunen urteko 1200-1400 mm egiten du euria eta batez besteko tenperatura historikoa 11'9º C da; tenperatura-erregimen epeleko herria da.

Itzuli gora

Flora eta Fauna

Aipatu dugun moduan, trantsizio-zona batean dago Irurtzun eta, ondorioz, espezie anitzek osatzen dute bertan aurkituko dugun landaredia. Zuhaitzei dagokienez, Erga mendiaren hegal harritsuetan eta, Aitxarteko arroilan batik bat, arteak daude; zona altu eta ilunenetan ametz ilaundunak eta haritz kandudunak eta, amaitzeko, pago eder eta handiak ikus daitezke Erga mendiaren gailurrean.

Larraun ibaiak zeharkatzen du Aitxarteko igarobidea. Ur bazterreko landaredia aurkituko dugu bertan (haltzadiak esate baterako), ondo kontserbatuta dago, eta sahatsak, zume jatorrak eta hurritzak bereiz daitezke.

Faunari dagokionez, inguruko harkaitzetan hegazti harrapariak ikus daitezke, besteak beste zapelatzak eta miruak; halaber, sai arreen kolonia handi bat bizi da bertan; ziur aski, inguruko zonetan oraindik garatzen den abeltzaintza-jarduera garrantzitsuak mantentzen ditu inguruetan.

Basurdeak ere aurkituko ditugu inguruko baso eta mendietan eta, zenbaitetan, herrira hurbiltzen dira. Era berean, inguruko mendietan bizitzeko habitat egokia aurkitu dute erbi eta azeriek.

Larraun ibaian, Irurtzundik igarotzen den zatian, amuarrainak arrantza daitezke. Uren kontserbazio-egoera ona da eta inolako arazorik gabe egin daiteke arrantza.

Itzuli gora

Paisaia

Udalerri industriala da Irurtzun nagusiki eta, ondorioz, gizakiak aldatu eta eraldatu duen ingurune batean dago kokatuta. Zona urbanizatuek bete dute, gaur egun, antzina nekazaritzarako eta aziendarako larre bezala erabiltzen zen azalera.

Begi-bistakoa da industriak eta azpiegitura-bideek Irurtzun eta bere inguruan duten eragin handia (errepideak, autobideak, elektrifikazio-sareak, eta abar).

Edozein modutan, Irurtzunen eta bere inguruetan balio naturalistiko eta paisajistiko handiko zona naturalak daude, hala nola Erga mendia (Trinitate Santuaren omenezko baseliza bat du gailurrean) eta Aitxarteko igarobidea, Larraun ibaiak kareharrian egindako hozkadura ikusgarria hain zuzen.

Itzuli gora


Nekar
Darío Regoyos Kalea, 18.
20100 Errenteria. Gipuzkoa
Telf.:
943 523 352 /
943 523 993
CIF:
B 20988085