
Mendizorrotz eta Andatza mendien artean, Oria ibaiak zeharkatzen duen ibarrean dago kokatuta Usurbil; itsa-sotik oso hurbil eta Donostiatik 10 kilometrotara. Ibaia behera jarraitzen badugu, Oriora iritsiko gara, han itsa-soa topatuz. Gora hartuta, aldiz, Lasarte dugu, hirigune berri eta handi.
Ibaiaren bi aldeetara banatzen dira herriko auzoak, eta bere ertzetan dauden erriberetan nekazaritza lurrekin batera industriaguneak sortu dira azken urteotan.
Oria ibaia, herriaren ardatz ekonomiko eta geografikoa izan da betidanik. Donostiaren gertutasunak ere izan du eragina herriaren garapen eta harremanetan, azken mende honetan batik bat, eta gaur egun, neurri handi batean, bere jarduera guztiak baldintzatzen ditu.
Hala ere, bi mendiren babesean (Andatza eta Mendizorrotz-Bordatxo) eta ibai erribera emankorretan hazita, 5.800 biztanle inguru dituen herri honek bere bizitza eta izaera garatzeko ahaleginak egiten ditu, ondoko hiri erraldoiaren arnasetik bereiztuz.
Industrian, batez ere, eta nekazaritzan lan eginez bizi da herriko populazioa. Euskal hiztunen kopurua deigarria gerta liteke bisitarientzat inguruan Donostia eta Lasarte bezalako hirigune handiak izanda. %80ra iristen baita euskaraz hitz egiten dakitenen portzentaia. Hain zuzen, euskal tradizioetan eta kulturan oso errotuta dagoen herria dugu Usurbil, urtean zehar hainbat eta hainbat agerkari eta ospakizun antolatzen direlarik, gure kultura eta hizkuntza suspertu eta landu nahian.





Esan dugun eran, Usurbil, herri izendatu zutenean, Kalezar herriko erdigunea zen. Hiribildua osatzen zuen, harresia ez bada ere, nola edo halako fortifikazioa zuelarik lau alderdietatik. Kale nagusia lotzeko bi ate nagusi zituen: bata ekitaldetik eta bestea, mendebaldetik.
Administrazio-zerbitzuak eta ofizio guztiak biltzen ziren bertan, oraindik ere, etxeen izenek adierazten diguten bezala: Kontseju, Eskribanea, Arotzanea, Erreroenea, Zapatarinea, Barberonea, Danbolinenea.
Gune berezia osatzen dute ekialdeko atetik oso gertu dauden Sokorroko ermita eta Ospital deritzaion etxeak. Zalantzarik gabe, antzinako Santiago Bidearen aztarnak dira.
Txikierdin, Asteasuain zaharra baserrian, garai batean eliza bat ere izan zenaren traza guztiak daude.
Egun, historiari zor zaion begirunez, Kalezar berrurbanizatu egin da bere aurpegi jator eta ederrena erakutsiz. Horretarako, bi ate nagusien aztarnak errespetatu dira.
Irisasi mendiaren adar bat ekialderantz luzatzen da, Zubietan sartuz: osotasunean Zubietamendi deritzaio eta gainik altuena Txaldatxur izenez ezagutzen da. Adar zabal, luze eta oparo honetan arrasto megalitiko ugari aurkitu dira.
Antzina, auzotarren komunitateak (lehen dokumentua 1495ekoa da) izan zuen nagusitasuna. Bere eginbeharra, bideak, mendietako ondasunak, erriberako lurrak eta maiztergoan utzitako etxeak zaintzea zen, legez komunitatea deuseztatzera behartua izan zen arte. Orduan, biztanle batzuk Donostiako eta, beste batzuek, Usurbilgo herritar egitea erabaki zuten. Zubietar batzuek, lehendabizikoz, 1499an hartuko dute parte lehen aldiz Usurbilgo batzarretan.
Nahiz eta ahalmen urrikoa izan, Alkatetza pedaneoa gorde du gaurdaino; eta beraien nortasuna bermatzeko, duela urte gutxi Zubietako Herri Batzarra osatu dute Zubietarrek.
1813, urtean Donostiako jauntxoak Zubietako Aizpurua baserrian elkar-tzen dira, frantziarrek suntsitu eta erretako Donostia berreraikitzea erabakiz. Etxe honek bileraren oroitarria du bere paretetan.
Gaur egun, biztanlegoaren artean herri giroa nabaria bada ere, ez dirudi gauzak horrela izan direnik beti. Elizak bi ate ditu: bata donostiarrentzat eta bestea usurbildarrentzat (Eliza Usurbilgo San Salbatore parrokiaren menpekoa da). Administrazioari dagokionez, erdiak donostiarrak direla esan liteke, eta beste erdiak usurbildarrak.
Herri-arkitekturaren adierazgarri, baserri ikusgarriak ditu: Berridi, Alamandegi, Aliri, Aizpurua, Zuasti... 1849an probintziako errotarik onenetakoa bezala aipatzen da Aizpuruako errota (egungo egurzerra). Errebote plaza zoragarria du, Billabonarekin, Gipuzkoako bakarretakoa. Joku berezi hau udaldian ikus dezakezu. Hego Euskal Herriko hipodromo bakarra ere bertan kokatua dago, 1916an egin ziren lehen lasterketak.
Zubietaren antzera, Aginagak ere antzinako instituzio propioa izan zuen: komunitatea izan zen.
Maiztergoan utzitako etxe eta lurrak zaintzeaz gainera, aginagarrek Irisasi mendian dituzten eskubideak defendatuko dituzte nagusi desberdinen aurrean, auzi luze eta korapilotsuetan. Epaitegiak eskubide horiek gordetzearen alde agertu dira beti. Komunitatean Urdaiagako baserri askok ere parte har-tzen dute. Hortik azaldu beharko litzateke, beharbada, bi auzo hauek betidanik izan dituzten senidetasunezko harremanak.
1180an Donostiari emandako foruetan barruan zegoen Aginaga ere. Usurbil herri bezala sortu eta gero, Aginagaren integrazioa, Zubietaren eta Urdaiagaren integrazioa baino lehen garatu zen, eta, gainera, bere administrazio propioari eutsi zion denbora jakin batetan. Erabat parrokia independientea du, hilerri eta guzti. Liskar franko izan zituen aurrena kalezartarrekin eta, ondoren, kaleberritarrekin udal kudeaketa zela medio. Gaurko egunean ere, itzali gabeko sentimendu hori soma daiteke aginagarren artean.
Garai batean, Erret Ontziolak Mapilen kokatu ziren, Irisasiko egurrekin, erregearen armada itsasontziz hornitzeko. Badira Kolonek Ameriketara eramandako Santa Maria ere bertan egina zela diotenak, “Maria Galanta” omen zeritzan. Felipe IV.ak, bere alaba Luis XIV.arekin, Frantziako erregearekin, ezkontzera ekarri zuenean, Bidasoan gondola baten gainean eman zion alaba erregre frantziarrari. Aidanez, gondola oso dotorea zen eta adornu bitxiez horniturik zegoen. Mapilen egina omen zen.
Antzina Atxega jauregiaren nagusitasuna nabarmena izan zen. Ezkon-tzak medio, Ganboatarrekin lotu eta hain krudela gertatu zen Oinaztar eta Ganboatar jauntxoen arteko gerlan sartu zen. Bi bandoen arteko lehenengo bi gatazka famatuak, aidanean, Usurbilgo erreberan jazo ziren.
Kaletarrek betidanik izan zituzten disputa franko Atxegako jauntxoekin. Gorabehera eta liskar hauetan, piskanaka-piskanaka, kaletarrek hartuko diete gaina. Nagusitasuna areagotu eta betiko finkatuko da, “Herri” izendatu ondoren, Udaletxea (“Kontsejua” edo “Herria” herritarrek deituko diotena) Kalezarren kokatzen dutenean, eta ez elizaren ondoan, normalagoa izango zena. Horren arrazoia Atxega jauregiaren hurbiltasuna da, eta honekiko duten mesfidantza eta beldurra.
Kalezartar eta aginagarrek istilu ugari ibiliko dute beraien artean. Kalezarko Kontsejua urrutiegi dagoela iritziko diote aginagarrek. Horregatik, herri batzarrak erdibidean egingo dira; Paris etxeko hariztegian. Geroago, atxegarren mehatxua desager-tzen delako eta Kaleberriak indarra hartu duelako (biztanle aldetik, etab.) Kontsejua Kaleberrira pasako dute, Elizaldea herriko erdigunea bilakatuko delarik.
Auzo honek, Andatza mendiaren baliabide emankorrekin lotuta zeuden aspaldiko usurbildarren aztarnak gordetzen ditu (zeta ola, ainguragin-tza, errota, ferrategiak, harrobia...). Orreagako monjeak ere, lurralde ugarien jabeak ziren. 1406. urtean, Juan Beltran Atxega eta Orreagako prioreak hitzarmena sinatu ondoren ere, hauen mugarriak egundaino mantendu dira.

Nekazal bizimoduaren garaietan, sagardoak berebiziko garrantzia izan zuen Gipuzkoa osoan. Baserri orok zituen bere sagastiak eta haietatik gehienek tolarea zuten. Garai batean ardoak, edo gaur garagardoak bezala, bertako sagarrez egindako sagardoak, pitarrak eta zizarrak erabateko nagusigoa zuten. Mende honen erdialdean, edari berrien azaltzeak eta baserrien hustutzeak ekarri zuten sagardogintzaren gainbehera.
1931an, hogeitik gora sagardotegik ordaindu zuten ekoizpen zerga. 1980. urtean, Zubieta barne, bi besterik ez ziren zerga hori ordaindu zuten sagardotegiak. Gaur egun, aldiz, sei dira.
Aipatu bezala, sei dira gaur egun Usurbilgo sagardotegiak: denek prozedura mekanizatua, upelak hozteko sistema eta boteilaratze sistematizatua dute.
Gabonetan oso ohikoa izaten zen barrikotea egitea. Sardin zaharren laguntzaz, 100-150 litroko barrika edaten zen, familia eta lagunen artean. Muztio hura, udazkenean sagardo eginda botilaratzen zen.
San Sebastian egunaren inguruan zabaltzen dira sagardotegiak. Orduan, bakailo eta idi-txuletekin, txotxeko sagardoa edateko aukera izaten da. Lehen gutxi batzuen burupe edo aukera zena egun sagardoari loturiko ohitura zabalduena da. Apirileko hilberan boteilaratzen dira berriz, ontzi erraldoi hauetako sagardoak.
Azken urte hauetan sagardoaren berpizkunde bat nabari da. Edari gisara prestigioa hartu du, eta zentzu horretan, sagasti berrien landatzea, txotxeko ohituraren zabaltzea, produkzionaren modernizatze eta higienizatzea ez dira alferreko lanak izan. Hemen kokatu dezakegu Usurbilen, maiatzeko azken aurreko igandean eta paregabeko arrakastaz ospatzen den Sagardo Eguna, bertan edaria dastagai eta bere inguruko teknika eta kultura ikus eta ikasgai izan ohi delarik.

Angulak ibai gutxitan dira, baina inon ez dute asmatu Aginagan adina etekin ateratzen. Aritzeak emandako eskarmentu eta isileko formula erabakiorrez gain, ziurrenik, mendetan datorren arrantzarako jakituriaren islada dateke.
Animalia misteriotsua dugu angula. Ezer gutxi dakigu bere bizitzaz. Mexikoko golkoaren aurrean dagoen Sargazoen itsasoan jaiotzen da. Golkoko korronteak probestuz, gureganako bidaiak ia hiru urte iraungo du. Bidaia larba moduan egingo badu ere, iristear dagoelarik, ezagutzen dugun angula itxura hartuko du. Ibaian 10-20 urtez bizi ondoren, senak deituko dio, alderantzizko bidaia eginez, Sargazoen itsasora itzul dadin. Itzulerako bidaian, izar koloreko aingira bihurtuko da. Ur gazitan nahiz gezatan ondotxo moldatzen da. Bidaian zehar, heldutasun sexuala lortu eta angula berriei bide emateko prestatuko da. Beraz, Euskal Herriko uretara inguratzeko bidai luze-luzea egin beharko du angulak. Itsasoan, ibai ahoan, zain egoten da une egokia suertatu arte. Neguko ilargi berriarekin abiatuko da ibaian gora, aingira bilakatu eta bertan bizitzeko. Gau ilunak atsegin ditu, ahal izanez gero, hego haize punttua dutenak. Marea gora eta ura, berriz, arrea. Ur karga bada, hobe. Baldin-tza hauekin eta angulak “nahi badu”, baltsa handitan sartuko da ibaian.
Farola, baia (bahea) eta ala erabiliko ditugu anguletarako. Oriak mila txoko ditu anguletan aritzeko aproposak. Gehien maite dugun txokora, edo eguraldi, haize, uraren kolore edo handiaren arabera, gau horretarako egokiena irudituko zaigun zulorantz gidatuko dugu ala. Han, ur bazterrean lotuko dugu ala, trabeska, ur korronteari aurka eginez. Kontraesana badirudi ere, anguleroak farola piztuko du alaren ertzean. Angula argitara biltzen omen da. Baiarekin, orduan, kaladak egingo ditu, korrontearen kontra, ur azalean, alaren luzera goitik behera paseaz. Kalada bakoitzean baia kutxa batera hustuko da. Bi edo hiru angula ateratzen badira gaua itxaropenez begiratu behar da. Angula bizitegietara eraman liteke edo, hurrengo goizean bertan, akabatu eta jateko prestatu. Bizitegietara eramandako angulak egun batzuk igaroko ditu bertan. Egun horiek nahikoa ditu (angula aingira bihurtzen ari denez) angula beltza bihurtzeko, ibaitik atera den angula txuri, ia transparenteari, bizkargaina belzten baitzaio.
Horra hor, hainbeste ospe izan duen Aginagako angula beltzaren sekretua. Angula hiltzeko tabako ura erabiltzen da. Ur horretara botaz, angulak berehala hiltzen dira. Akabatu ondoren, angula egosi egiten da. Egosi eta gero, arpilera handi batzutan zabaldurik, neguko haize hotzera ateratzen dira, lehortu daitezen. Hozten direnean, prest daude bere horretan edo bakoitzak nahi duen eran maneiatuta jateko.
Gaur egun asko modernizatu da prozesu hau: motorrezko arrastreroak dira nagusi, angula egosia berehala izozten da, etabar. Baina aurrerapen teknikoek ez dute asmatu angularen eskasia konpontzen. Garai batean, irailetik apirilera luzatzen omen zen kanpaina aldia. Gaurko egunean, berriz, neguko hiru hilabete eskasetan agertzen da, agertzen den angula apurra. Aire berriak ekarri ditu beste arrainez egindako angularen antzekoak. Angula entrepresen arazoak konpondu daitezke asmakuntza teknikoekin, baina horrek ez du angularen eskasia orekatzen. Angula desagertzera doa ez badira neurri zorrotzak berehala hartzen.

Usurbilgo lurretan sakabanatuta 140 bat baserri daude. Autopista eta industrialdeak eraikitzeko botatakoak eta egun kaleko etxe bihurtu direnak kontuan hartuz gero, garai batean askoz ere gehiago ziren.
Usurbilek nekazaritzarako lur ona du. Gipuzkoan ez dago geurea bezelako erribera sailik. Zubieta, Kalezar, Txokoalde eta Aginagako erriberak 2.000.000 m2ko lantzeko ordeka aberats eta bikainak dira.
Gaur egun ordea, nekazaritza eta abeltzaintzan oinarritutako ekonomia geroz eta ahulagoa da eta baserriak bizitoki arruntak bilakatzen ari dira.
Usurbilgo baserrietan basoez gain, esne eta haragitarako behiak, ardiak eta barazkiak lantzen dira eta azken hauen artean, artoa, babarruna, piperra, letxuga, porrua, baina eta patata dira aipagarrienak. Batzuk negutegietan ere lantzen dira. Sagarra ere ugaria da, bai mahaietakoa, bai sagardotarakoa, urtero 1.000.000 litro sagardo inguru egiten delarik.
Produkzio berriak eta hauen eraldaketak (eztia, sagardoa, gazta, kontserbak etab.) ugaritzea, komertzializatzea eta kalitatezko ekoizpenetara jotzea dira ikusten diren bide interesgarrienak.

ERREGE eguna: Urtarrilak 6.
SANTA AGEDA eguna: Otsailak 4.
KALE ANTZERKIA: Udaberrian..
ANDATZA eguna: Maiatzean.
SAGARDO eguna: Maiatzean.
SAN IXIDRO eguna: Maiatzak 15.
SAN JUAN eguna: Ekainak 24.
SANTIXABEL eguna: Uztailak 2.
SANTIYO eguna: Uztailak 25.
SAN ESTEBAN eguna: Abuztuaren 3.
SAN ROKE eguna: Abuztuak 16.
ATXEGALDEKO jaiak: Abuztuan.
SANTUENEAKO jaiak: Irailean.
SAN PRAIXKU eguna: Urriak 4.
ERLE eguna: Azaroan.
SAN ESTEBAN TXIKI eguna: Abenduak 26.
© Nekar Vectorial, S.L. Lege oharra